LEHENENGO DISKAKO EGUNKARIETAKO ESTEKAK :
Rock &Roll indartsuaren eta melodiaren artean
Iker Barandiaran
Orain dela hiru urte Latzeneko Joxe Mari eta Ikerrek sonoritate indartsua daukan talde hau jarri zuten martxan Ibanen laguntzarekin. Abestiak egiten hasi eta Aixibar abeslari kementsuak borobildu zuen taldea. Oñatiar hauen estreinako lanean Eskandinaviako Hellacopters edota Turbonegro taldeen pareko rock&roll indartsuaren eta high-energyaren arrasto handiak aurkitu ditugu: erritmo gogorrak, gitarra bizi-biziak eta melodia dezente, euskaraz abestuta. Horrez gain, euren iragana zizelkatu zuen Latzen taldearen aztarnak ere egon badaude, Maite dudan guztia eta Lehertu kantuak kasu. Karlos Txap soinu ekoizleak taldearen onena ateratzen jakin du. Bide honetan jarraituz gero, Kuraia taldeari gerra egiteko moduan egongo dira taula gainean zein infernuan, txinpartak botatzen dituzte-eta.
Potemkin: «Rockaren gerlariak gara eta borroka egitera gatoz»
Diskoaren azala oinarri hartuta, gitarrak al dira zuen armak?Balio dute ondo pasatzeko, adrenalina botatzeko eta sudur puntan jartzen zaiguna esateko. Azalaren diseinuak transmititu nahi du zerbait zuzena eta indartsua aurkituko duzula, rockaren gerlariak garela gu eta borroka egitera gatozela.
Latzenetik etortzeak ateak zabaldu dizkizue edo zerotik hasi behar izan duzue?
Hiru urteotan edozein talde hasiberrik egin behar izaten dituen lanak egin ditugu: abestiak eta taldea landu, kontzertuak bilatu, entseatu, batzuen ezezkoak jaso, sariketatan parte hartuà ez da bidezidorrik egon. Diskoa ere gure kontu egin dugu. Ez du inork gure aldeko apusturik egin gure izenengatik. Talde eta abesti onak ikusi dituztelako baizik, eta ikusi dituztenean egin dute apustua. Oihukari edo Matxitxari zerbait kaskarra eskaini izan bagenio ez zuten gure alde egingo.
Orain rock&roll bizia egiten duzue, baina melodiari garrantzia handia ematen diozue. Hori ezinbestekoa al da?
Ez gara kontziente izan, baina agian arrazoia duzu. Kaña maite dugu, indarra, aurpegira begira gogor jotzea, baina abestiak hitzak duen zentzu zabalenean maite ditugu, bukatzen direnean zerbait erakutsi dizuten abestiak. Melodia bat, riff bat, abestiak helduleku bat behar du. Atsegin ditugu melodiak, horren bilatzaileak gara, baina ikuspuntu rockero, gitarrero eta zaratatsu batetik.
Karlos Txapek frogatu al du medio gutxirekin soinu ona lor daitekeela?
Emaitzaz gain, guretzat prozesua bera ere oso pozgarria eta betegarria izan da. Ja merezi izango luke grabatzeak bizi izan ditugun momentuengatik. Oso gustura egon gara, Bonbereneakoekin zorretan gaude. Txap gidari izugarria izan da grabaketan eta nahasketan. Izugarrizko konfiantza eman zigun nahi genuena %100ean egiteko. Gure ahalmenen ehuneko oso altua atera zuen gugandik.
| ||||
Korazatu baten indarra dauka Potemkinen rock-and-rollak Latzen metal taldeko bi kide ohik osatzen dute Oñatiko laukotea xabier MARTIN- DONOSTIA Intro-ak entzulea nahas dezake. 70eko hamarkadako blaxploitation mugimenduko film jostagarrien musika funkya entzun daiteke lehen pieza horretan. Gordon Parksen Shaft mirestutako detektibe beltzak egoki lagunduko lioke Intro horri Harlemgo kaleetan barna. Baina ez. Atsegina eta adimentsua izanagatik ez da gibelean dituen kantuen ordezkari. Izan ere, Potemkim taldeak rock-and-rollaren haritik tiraka sortu du estreinako diskoa. Rock azkarra, indartsua, su-etenik gabekoa da Rock n'rolla ta zu, Ez dute sinesten, Borrokatu ezazu eta beste hainbat piezatan entzun daitekeena. Gauza txikiak estilo jakin horretatik aldentzen da, eta stoner balada itxura hartzen du. Hori da diskoaren bigarren bitxikeria eta azkena. Potemkin oñatiarren ibilbidea jarraitu duen zale nabarmendua harrituta izango da akaso, taldekide batzuen estilo aldaketarekin. Ez alferrik Iker Martinez de Zuazo (gitarra) eta Joxemari Azpitarte (baxua) 90eko hamarkadan Euskal Herrian itzal handia lortu zuen Latzen metal taldeko kide ohiak dira. Potemkingo bateria jotzaileak ere, Iban Idigorasek, bazuen eskarmenturik egitasmo berriari ekin aurretik. Idigoras Tenk taldean aritu zen. 2003an elkartu zen hirukotea Potemkin sortzeko, eta ostean Aixibar Urteaga abeslaria gehitu zitzaien. Taldeak behar duen ahots esanguratsu eta sakona dauka Urteagak, 90eko hamarkadako Seattle soinua garatu zuten grunge talde askok gustura hartuko luketena. Ahots ahaltsuak baldintzatzen du estiloa Iazko abuztuan grabatzen hasi ziren Tolosako Bonberenean atzo aurkeztutako lana, Karlos Osinaga arduradun zela. Anari, Kuraia eta Dutekin lan egindako soinu teknikariak grabatu zuen Potemkinen masterra, eta berak egin zituen nahasketak. Lehen grabaketa hori eskuetan zutela disketxeekin harremanetan jarri ziren musikariak. Infernuan bideoklipa, berriz, Aitor Arregik zuzendu du Moriarty ekoiztetxekoak. Azkenean Oihuka disketxearen babesean argia ikusi duen lana disko trinkoa da, kalitateko soinua erakusten duena eta kantu sarkorrez jositakoa. Gitarra jotzailearen abilezia bistakoa da, baina bere jarduna ez da gehiegikerian erortzen, betiere 70eko hard-rock doinuen barruan mugitzen baita. Eta bateriak zein baxuak erritmo azkarra finkatzen dute, etengabea, baina ez itogarria. Taldekideek onartu bezala, Aixibar Urteaga abeslariaren ahots garratz eta ahaltsuak baldintzatzen du gehien Potemkinen estiloa, «taldeko bi kide Latzenen aritu izana baino dezente gehiago». Bestela, diskoaren azalak Sobiet Batasuneko estetika islatzen du nabarmen. Hizkien itxurak eta arma moduan irudikatutako gitarrek taldeari izena ematen dion korazatuaren jatorria ekartzen dute gogora. Eisensteinen film ospetsuan ikusitako matxinada jomugan dute taldekideek. Borrokarako jarrera argi horrek ere nortasuna ematen dio taldeari, kantuen testuetan islatzen den moduan.Potemkinek ez du aurkezpen kontzertu jakin bat egingo, baina hitzordu ugari ditu lotuta dagoeneko, eta Euskal Herrian gehien entzuten diren hainbat talderekin batera jotzeko parada izango dute gainera. Su Ta Gar, Berri Txarrak, Reincidentes, Hamlet eta Sorkunekin kasurako oholtza partekatuko dute. «Harrituta gaude, hau dena zein handia egin zaigun ikusita», zioten atzo. Gaur bertan, oñatiarren soinua entzuteko parada izango da Iruñeko Donibane auzoko AEK jaian. Apirilaren 21ean, Eubako (Zornotza) Idaba musika aretoan izango dira.
|